Albisteak

 

Ia 4 urte igaro ondoren 5. edukiontzi marroiarekin batera -materia organikoa kudeatzera bideratuta dagoena-, Orozkon dagoeneko 141 familia daude kanpainan murgilduta. Pertsona horiek birziklatzearen alde egiten duten lanari esker, 2017 urtean lortu da materia organikoko 11.773 kg jasotzea herriko hainbat puntutan kokatuta dauden 7 edukiontzien bitartez. Dagokion tratamenduaren ostean, hondakinekin konposta egiten da lorategi eta ortu publikoetan erabiltzeko.

Soilik poltsa konpostagarriak

Hala ere, azpimarratzekoa da oraindik konpostagarriak ez diren poltsak sartu izan direla modu desegokian edukiontzi marroietan. Horiek soilik materia organikoa jaso eta kudeatzera bideratuta daude, hau da: Barazkiak, fruta, fruitu lehorrak, zerealak, infusio-poltsak, kafe-hondarrak, botiletako kortxoak, kimatze-hondarrak edota belarra.

Patataren fekularekin egindako poltsa konpostagarriak bakarrik erabili daitezke, konpostaje prozesua arrakastatsua izan dadin. Horiek doan eskuratu daitezke udaletxean, non kanpainan parte hartzeko izen ematea ere egin daitekeen. Horrekin batera birziklapena egiteko kit-a jasotzen da doan: edukiontzia zabaltzeko giltza, poltsa konpostagarriak eta ontzi berezia. Ekoizle handiek ere, tabernak edo dendak kasu, izena emateko aukera dute konposta@ut21.org e-posta helbidean.