Albisteak

 

Negu honetan izan ditugun eurite, haizete eta elur-denboraleek 200.000 euroko kalteak eragin dituzte Orozkon. Udalak eskatu dio jada gisa honetako ustekabeetarako laguntza Bizkaiko Foru Aldundiari.

Otsailaren hasieran, alarma guztiak piztu ziren eurite eta haizete bortitzak zirela eta. Handik aste batzuetara, berriz, elur-erauntsi oparoak hainbat arazo eta nahasmendu eragin zituen gure udalerrian.  Eragindako kalteen artean aipatzekoak dira hainbat errepide eta bidetan egindako luiziak: Goraitze, Denderiarte, Arbaiza, Udiaga, Meaza, Garigorta… Esandako horiei, Epaltze, San Martin, Aspegorta, Ugalde eta Garigortako errepideetan azaldu diren zuloak eta azpijanak gehitu behar zaizkie, eta ur-hoditeriak hondatu izanaren ondoriozko lur-jausiak. Egoera horrek urik gabe utzi ditu hainbat herritar zenbait egunez. Gainera, eroritako zuhaitzek arazoak eragin dituzte Zaloan, Garigortan, Aspegortan, Gallartun, Urrexolan, Arbaizarten, Arrugaetan eta Azkarain. Elektrizitate-hornidura etenda edota errepideak itxita geratu dira.

Metatutako elurraren pisuak kalteak eragin ditu kiroldegiko pista estalian, bai eta teilatuan ere. Kalte horiez gainera, argindar-hornidurak etenaldiak izan zituen ekaitzak iraun zuen egunetan.