Albisteak

Ura 

Antzemandako pH-aren ezohiko maila gehiegizko aluminioak eragin zuela azaldu dute analisiek

Mantzarragako auzunean kokatutako bizilagunen kontsumorako ur-biltegiaren egoera txarrak eragindako arazoari amaiera eman dio Orozkoko Udalak. Biltegia eta bere kondukzio-hodiak garbitu ondoren, iragan den ostegunean egindako analisiek ura kontsumorako ona dela ondorioztatu dute. Hala ere, “Osakidetzak emaitza on horiek konfirmatu arte zenbait egunetan oraindik ura normaltasunez ez erabiltzea” gomendatu du Josu San Pedro alkateak. Gainera, “diagnostikoek uran agertutako gehiegizko aluminioak pH-aren desbiderapena eragin” duela azaldu du.
 
Uraren mantentze lanetan dabilen azpikontratatutako enpresarekin batzarra izan du gaur Udalak, gehiegizko aluminioa zergatik agertu den argitzeko eta azpikontratatutako enpresaren jardunaren erantzukizunak exijitzeko. Baina, neurri subsidiarioak ez dira horretan amaituko. Alkateak aurreratu duenez, “Mantzarragako auzunean kaltea jasan duten bizilagunek ez dute datorren hiruhilekoaren uraren faktura ordainduko. Arazo honek sortutako eragozpenen aurrean egin genezakeen gutxienekoa da”. 

Bestetik, San Pedrok lasaitasuna mantentzeko deia luzatu du, eta Osakidetzatik baieztatu diotenez kutsadurak bizilagunen osasunarengan kalterik izango ez duela argitu du. Hala ere igande honetarako bilera bat antolatuko duela iragarri du alkateak, kaltea jasan duten bizilagunen arazoaren nondik norakoak azaltzeko eta sortu diren zalantzak argitzeko.

4,7ko pH batetik 7ra

Uraren egoera ez ohikoaz ohartu zen Udala joan den urtarrilaren 3an. Hurrengo egunean egindako neurketek pH-aren balorea 4,7an kokatu zela adierazi zuen, eta alarma piztu zen. Izan ere baloreak 6,5 eta 8,5eko tartean izan behar dira egoera normaletan. Egun horretan bertan Udalak ur-biltegia hustu, tutu malguz garbitu eta berriz betetzeko erabakia hartu zuen. Berriz egin ziren neurketak lan horiek amaitzean eta pH-a egoera normaletara bueltatu zen,  6,7ko pH-aren tartera.

Hurrengo egunean (urtarrilak 5), hala ere, neurketa berriak egin ziren. Eta pH-a berriz ere jaitsi zela azaldu zuten. Urak utzitako jalkinengatik, zehazki 6,3ra arte jaitsi zen. Ur-biltegia berehala hustu, ondo garbitu eta berriz bete egin zen, nahiz eta prebentzio-neurri bezala inguruko ur hornidura sarea ere garbitu zen. Lan hauen ostean pH-aren zenbaki adierazgarria egoera onera bueltatu zen, berriz ere. pH maila 7an kokatu zen.
 
Osakidetzaren zenbait analisi negatibo

Orozkok lehendik ere izan ditu edateko urarekin arazoak. Izan ere udalerriaren ura “eskastzat” jo zuen Osakidetzak 2007, 2008 eta 2010 urteetan. Euskal Osasun Zerbitzuak “eskastzat jo zuen “zenbait neurketetan topatutako aluminioaren maila altuengatik”, alkateak gogoratu duenez.

Hori dela eta, Orozkoko Gobernu Taldearen lehen lanetako bat uraren kalitatezko kontsumoa bermatzeko lan egitea izan da. Uraren neurri ez normalak azken urteotan bost bider pairatu ostean, azken hilabeteotan egindako lanek 2011n egoera hobetzea ekarri dute. Izan ere uztailaren 13an egindako analisiek emaitza txarra agertu zuten. Baina egun horretatik aurrera, eta gaur eguneko gertakaria izan arte, neurketa guztiek ura edateko ona dela azaldu dute. Eta berau Osakidetzaren web atarian konproba daiteke.