Albisteak

Behia 

Behi "terreñoen" lehiaketa, nekazal produktu eta elikagaien azoka, eta Euskal Okela errea dastatzea izango dira, besteak beste, egunean zehar egingo diren ekimen erakargarrienak.

Orozkok ohiko Santa Luzia azoka ospatuko du larunbat honetan, "terreña" arrazako behien lehiaketarekin. Honako honetan, Euskadiko leku desberdinetako hamabi abeletxek hartuko dute parte: Koartango, Okondo, Azkoitia edota Aramakoak, besteak beste. Guztira, 72 abelburu, txahal, idisko zein urrixa, arituko dira lehian, bederatzi ataletan banatuta.

Orozkoko alkateak, Josu San Pedrok, esan duenez, azoka hau "egutegiko garrantzitsuenetako bat da" eta ekoizle eta lehen sektorearentzako duen garrantzia azpimarratu du “bertoko produktuaren eta baserritarren lanaren balioa ezagutzera ematen dutelako”.

Egun honetan nekazal eta elikadura azoka ere egingo da, eta bisitariek Euskal Herriko ortuko produkturik onenak eskuratu ahal izango dituzte, gazta, euskal pastela edo bestelako elikagaiez gain.

Nekazal produktuen azoka 10:00etan zabalduko da eta lehiaketa ordu erdi geroago hasiko da, biak ere 13:00etarako amaituko direlarik. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, gainera, "terreño" arrazako Euskal Okela errea dastatzeko aukera ere egongo da.