Albisteak

Bizikleta 

Orozkoko Turismo Bulegoak bizikletak lagatzeko zerbitzua jarri du martxan. Berau ostegunetik igandera bitartean egongo da martxan etenik barik, jaiegunak barne. Ordutegia honako hau izango da: 10:00etatik 14:00etara ostegun, ostiral, igande eta jaiegunetan; eta 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik  19:00etara, larunbatetan.

Bizikletak lagatzeko puntua Orozkoko Museoan egongo da eta nahi duenaren esku zortzi bizikleta jarriko dira, bi tandem, bi elektriko, bi umeentzako eta beste bi normalak.

Ekimen honek bi helburu ditu; alde batetik “bizikletaren erabilera sustatzea, garraio modu sostengarria den heinean, eta biztanle eta bisitariei herria ezagutzea erraztuko dien tresna bat eskaintzea”, zehaztu du Josu San Pedro alkateak.

Alkateak orozkoar guztiak animatu nahi ditu “zerbitzu hau erabiltzera, ez bakarrik aisialdirako beste aukera bat bezala, baita eguneroko bizimoduan garraiobide praktiko moduan erabiltzeko ere”.

Bizikleten lagatze zerbitzu hau erabiltzeko interesa dutenek ezarritako postura joan beharko dute eta han nortasun agiria erakutsi, 5 euroko fidantza utzi eta inprimaki bat bete. Horren ostean egun erdiz erabili ahal izango dituzte bizikletak –lau orduz-. Ordaindu beharreko prezioa 1 eta 5 euro bitartean izango da, erabiltzen den bizikleta motaren arabera.

Debekatuta dago bizikletekin herritik irtetea edota dirua irabazteko baliagarriak izango diren gauzatarako erabiltzea. Hauek lagatze postuetan hartu eta itxi beharko dira.