Albisteak

Polideportivo 
Orozkoko kirol instalazioaren ordutegia murriztu egingo da erabiltzaileentzat Udal baliabideen eraginkortasun handiagoa lortzeko helburuarekin. Urtarrilaren 1etik aurrera kiroldegia 15:00etatik 21:00etara egongo da zabalik astelehenetik ostiralera, eta 9:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan.
 
Joan den maiatzean aurreko Udal Gobernuak kirol gunea asteazken, ostiral eta igande goizetan eta larunbat arratsaldetan ere irekitzea erabaki zuen, eta luzatze honek 40.000 euroko kostu gehigarria eragiten die udal kontuei, Udalak bere gain hartu ezin duen kostua.
 
Josu San Pedro alkateak azaldu duenez “esfortzu ekonomikoa egin dugu eta kiroldegia igandeetan zabalik mantenduko dugu zentroa kudeatzen duen enpresarekin hitzartu dugun akordioari esker, hauek gastu honen zati bat bere gain hartuko dutelako”. Bere aldetik, Udalak 10.000 euro ordainduko ditu igandeetan kiroldegia irekitzeagatik.
 
San Pedrok ordutegiari luzatutako tarte horietan kiroldegiari eman zaion erabilera aztertu dela argitu du: “Asteazken eta ostiral goizetan, eta larunbat arratsaldetan eguneko erabiltzaileen batez bestekoa sei pertsonakoa izan da, eta igandeetan hamabostekoa, kiroldegian izena emanda duten 900 erabiltzaileetatik”.
 
Datu hauek erakusten dute, alkatearen iritziz, ordutegia egokitu beharra dagoela “Udalaren baliabide ekonomikoak optimizatzeko helburuarekin, izan ere gaur egungo krisi egoeran ezin zaio eutsi zentroa hainbeste denboran zabalik mantentzeari”. Gainera, San Pedrok argi utzi nahi izan du erabaki hau ez dela bakarrik dirua aurrezteko, erabiltzaile eta Udalaren benetako beharrizanetara egokitzeko ere badelako. Horregatik, erabakia “zorroztasun eta erantzukizunez” hartu dute.