Agate Deuna korala otsailaren 4an ospatzen den Santa Ageda jaiaren prestaketarekin hasi da. Taldeak urtarrilaren 30ean eta otsailaren 2an egingo ditu entseguak Kultur Etxearen beheko solairuan, 20:30etik aurrera, ordu erdiko iraupenarekin. “Ospakizunetan parte hartu nahi duten herritar guztiak entsegu lokaletik pasatzera animatu nahi ditugu”, jakinarazi dute abesbatzako arduradunek.
Berrikuntza moduan, eta teknologia berriak aprobetxatuz, Facebook profilean (Agate Deuna Abesbatza) eskegiko dute koralekoek Santa Agedako abestiaren letra “eta posta elektroniko bitartez ere bidaliko diegu agatedeuna@gmail.com helbidearen bitartez eskaera egiten dutenei", zehaztu dute.
Gainera, aurtengo ekitaldia berezia izango da, ekainean abesbatza sortu zela hogei urte beteko direlako. Horretarako kontzertu berezia egingo dute eta entseguetara hurbiltzen diren guztiek bertarako prestaketak ezagutu ahal izango dituzte.