Albisteak

Harraska 

Bizilagunek edaten duten uraren kalitatea bermatzeko nahian, ur edangarriaren biltegiek izan ditzaketen klorazio arazoak saihesteko bi egitasmo jarri nahi ditu martxan Orozkoko Udalak. Ekintzak abian jarri ahal izateko Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren diru laguntza lortu du Udalak, 65.000 eurotakoa.

Lehen neurria "Ibarra eta Urigoiti auzoetan dauden ur biltegien klorazio sistemen piezak ikuskatzea eta aldatzea izango da, horrela kloroaren mailak zuzentzeko", zehaztu du Josu San Pedro alkateak.

 

Bigarren egitasmoa Arrugaeta, San Miguel eta Zugutzu auzoetako ur biltegietan hiru bitarteko klorazio planta jartzea izango da. "Dauden ur biltegi kopuru handiak eta ur-hornidura sareak dituen kilometro luzeak kloroaren mailaren aldaketak eragiten ditu, eta horregatik hartuko dugu bigarren neurri hau", azaldu du San Pedrok.

Otsailaren erdialderako hartuko dira neurriok, aurreikuspenen arabera.

Aluminio maila, kontrolpean

2007, 2008, 2010 eta 2011 urteetan Euskal Osasun Zerbitzuak (Osakidetzak) udalerriko uraren kalitatea eskastzat jo zuela gogoratu du alkateak. Eta horrelako maila baxuko kalifikazioak saihesteko Udala lanean dabilela gaineratu du "Orozkoko bizilagun guztiek kalitatezko ur edangarria izan dezaten".

Nahiz eta neurriak hartu ziren, Udaleko langileekin zerikusirik izan ez zuen arazo bategatik Mantzarragako ur biltegiak aluminio maila altua izan zuen urtarrilaren lehen asteetan. "Akats bakarra izan da, eta berriz ez errepikatzea espero dugu. Gure aldetik, behintzat, posible den guztia egingo dugu berriz gerta ez dadin", jakinarazi du San Pedrok.