Albisteak

Orozko museoa 

Orozkoko Museoak 5.377 bisitari izan zituen iaz. “Gorbeialdeako ingurunea, Orozko eta alboko herriak asteburu pasan bisitatzen dituzten turistak” dira gehienbat 2011 urtean museora joan direnak, Begoña Olabarria Kultura zinegotziak azaldu duenez. Gainera, Bizkaia eta Arabatik etorritako hainbat eskola ume ere (zehazki, bisitarien %34,30a) izan ziren museoan. Azkenik, helduen adin tarteko bisitariei dagokienez, 30 eta 45 urte bitartekoak izan dira nagusia, %28,95eko portzentajearekin. 
 
Jatorriari dagokionez, bizkaitarrak izan dira nagusi (%83arekin), arabarren urretik (%10,84a). Estatuko bisitariei dagokienez, madrildarrak eta kataluniarrak izan dira interesa erakutsi dutenak. Eta ekainean (659) eta abenduan (617) izan ziren bisitari gehien.

Ordu betekoa da museoko bisita, eta berau amaitzean hurrerat direnak pozik agertzen dira. Izan ere, %80a nahikoa eta oso gustura agertu da, eta hamar bisitaritik bederatzik beste pertsona batzuei gomendatuko lieke bisitaldia.

Beste datu batzuk
Erakusketa iraunkorrari esker, Orozkoko Museoak udalerriaren eta Gorbeiako Parke Naturalaren baliabideak erakusten ditu. XVIII mendeko Legorburu jauregian kokatua, hiru gai nagusi jorratzen ditu: Orozkoko bailarako ondare historikoa, bailarako bizitza tradizionala eta Gorbeiako lur eremu garaien bizilagunak. Bisitarien parte hartzea eskaintzen du museoak gai guzti hauek tratatzeko, izan ere ardi latxa bat jezteko edota energi urak egiten duen moduan biradera batekin bonbilla baten argia pizteko aukera ematen du. Bestetik burdindegi baten, errota baten eta ikaztegi baten lana nolako azen azaltzen du, parkean zebilen hartz baten hezurrak erakusten ditu eta euskal janzki tradizionalak erakusten dira, beteak beste.
 
Museoak dokumentu zaharrak, lan-tresnak, ogia egiteko teknikak, janzkien ehunak, bailarako legenden ikus-entzunezkoak edota erropak ere azaltzen ditu. Harrera ona izaten duten ekintzei dagokienez, mendi jardunaldiak, solasaldiak eta aldikako erakusketak dira horiek.