Larunbat honetan jokatuko dira Orozkoko kiroldegiko frontoian Arratia-Nerbioiko Herrien Arteko Esku-pilota Txapelketaren finalak. Eskualdeko 12 udalerritako pilotariak izango dira lehian.
Kadete eta gazteen mailako pilotariak goizeko 11:30ean hasiko diren partidetan lehiatuko dira. Arratsaldez aurrebenjaminen, benjaminen, infantilen eta alebinen partiden txanda izango da, 17:00etatik aurrera. Aldez aurretik, hala ere, lehiaketan parte hartzen duten 200 pilotariren kalejira izango da, Zubiaur Plazako frontoitik eta kiroldegiko frontoira. Ibilbidean zehar Otxandio pilota taldeko delegatu izandako Ricardo Traperori omenaldia egingo zaio.
Orozko, faboritoen artean
Dauden sei mailetatik lautan izango dira Orozkoko pilota eskolako jokalariak lehian. Hain zuzen ere, aurrebenjamin, benjamin, alebin eta kadeteen artean. Iragan den larunbatean B taldeko finalak jokatu ziren Areatzan, eta Orozkoko pilotariak lau finaletan gailendu ziren.