Albisteak

Zabalik 

Orozkoko merkatari eta enpresariek euren eguneroko jardunean euskararen erabilera normalizatzeko konpromisoa azaldu dute. Horrela agertzen dute, behintzat, 2011ko balantzean Udal Euskara sailak argitaratutako datuek. Guztira 15 merkataritza enpresek izenpetu dute Euskararen erabileraren normalizazioa lortzea helburu duen ‘Merkataritza Euskalduntzen’ izeneko hitzarmena. Udalak 2003tik aurrera sustatzen duen ekimena “errentagarritzat” jotzen dute enpresa eta saltokietako arduradunek “horrela kontsumitzaileek euren hizkuntza eskubideak errespetatu egiten direla sentitzen dutelako”, azaldu du Begoñe Olabarria Euskara zinegotziak.

Urteko memoriaren datuek agertzen dutenez, kalifikaziorik handiena ezagutzaren adierazlean ematen da, izan ere merkatarien %49,5ek hizkuntza menperatzen du. Kanpo erabilerari dagokionez, erabilera oso ona da, errotuluetako %87,3 eta iragartzeko elementuen %54,5 euskaraz daudelako, eta euren bezeroei egiten dieten lehen agurra %71,5 euskaraz izaten delako. Joera positibo hau, halere saltoki eta enpresa txikien barneko harremanetan (nominak…) apurtzen da, izan ere %7,5 baino ez delako agertzen euskara euskarri hauetan.

Dena dela, Olabarriak saltoki hauek egiten duten esfortzua aintzat hartzen du eta “%91,5ek euskara kalitate onez” erabiltzen duela gogoratu du. Euskara zinegotziak aurreratu duenez, sailak programa honetan lanean jarraitzeko asmoa du. Honen bitartez udal administrazioak hainbat tresna jartzen ditu kanpainan atxikita dauden saltokien esku, hala nola: itzulpen eta zuzenketa zerbitzua, hastapeneko on line ikastaroak eta administrazio agiriak.

“Guzti hau eskaintzen da eurek euren buruari jartzen dizkieten helburuak lortu ditzaten, esate baterako enpresako arlo desberdinen euskalduntzea lortzeko: publikoari harrera egiterakoan, fakturazioan, errotuluetan…”, azpimarratu du.