Albisteak

 
Kultura programa

Orozkoko Udalak herriko kultur bizitza suspertu nahi du martxo eta apirila bitartean zinea beste ekimen batzuekin uztartuko duen egitarauaren bitartez. "Helburua egitarau anitza sendotzea da, ez dadila orain arte egiten izan diren zine proiekzioetan bakarrik oinarritu, baizik eta biak osatu daitezela gizartean esperientzia artistiko eta kulturalak sustatzeko", azaldu du Begoñe Olabarria Kultur zinegotziak.

Erabaki hau hartu aurretik, Udalak zinera joan ohi diren ikusleen inguruko azterketa egin du eta "umeen ordutegian ikusle kopurua altua bada ere, helduen kasuan jaitsi egiten da", dio Olabarriak. Horregatik, eta herriko elkarteen ezaugarri anitzak kontuan hartuta, zine proiekzioen eskaintza murriztea erabaki da eta beste kultur ekintza batzuk gehituko zaizkio egitarauari, besteak beste, antzerkia, pailazoak edota dantza.

Adin guztietakoentzat

Agendak izaera transbertsal nabaria duten jarduerak jasoko ditu adin guztietako pertsona taldeak inplikatzeko. "Txikienetatik nagusienetara, denek izango dute bere esparrua", azpimarratu du Olabarriak. Hasiera baten proba moduan egingo da eta "herritarren aldetik erantzun ona jasoz gero urtero egingo litzateke, urritik apirilera bitartean".

Proba moduan egingo den esperientzia hilaren 4an hasiko da familientzako moduko ikuskizun batekin, arratsaldeko 18:00etan Donibane aretoan. Bestalde, martxoaren 11n, ordu eta toki berean, "Cruzadas Cotidianas" antzerki emanaldia ikusteko aukera egongo da.