Albisteak

Parkea 
Orozkoko Udalak ordaindu gabeko udal tasa eta zergen ordainagiri guztiak kobratzea erabaki du, azken 10 urtean hainbat eta hainbat pilatu dituzte-eta borondatezko epean euren zerga-betebeharrak ordaintzen ez dituzten herritar eta enpresa batzuek. "Gure helburua da iruzur fiskalari aurre egitea eta kargak zuzentasunez banatzea zergadunen artean. Gehienek garaiz eta zintzo betetzen dituzte euren zerga-betebeharrak. Bakar batzuek ez, ordea, eta horregatik diru gutxiago biltzen dugu eta diru gutxiago daukagu gizarte-zerbitzuetan inbertitzeko." Horrexegatik hartu dutela erabakia esan digu Josu San Pedro udal agintari nagusiak.
 
Gaineratu digunez, "Udalak 200.000 euroko iruzurra detektatu du, 150 enpresa eta partikularrek zor dutena, batez ere udal tasak eta zergak ez ordaintzeagatik: ura, zabor-bilketa, estolderia, etxegintza eta automobilak, eta beste batzuk". Hori dela eta, urte hasieratik zehapen-espedienteak kudeatzen dituen enpresa espezializatu batekin lanean hasi dira, eta dagoeneko zorraren guztizkoa erreklamatu dute. "Hala, urtarrilean eta otsailean 20.000 euro bildu ditugu, eta zor guztia aurtengo ekitaldian bertan kobratzeko itxaropena dugu", esan digu.
 
Ordaintzen ez dutenen kasuetan, hauxe da betearazten den prozedura: behin zergak ordaintzeko borondatezko epea amaituta, Udalak betearazpen-bidezko bilketa abiarazten du, dagokion errekargu eta berandutze-interesekin. Eta hala eta guztiz ere ordaindu gabe dituzten agiriak ordaintzen ez badituzte, orduan, beste biderik ezean, ondasunak enbargatzen zaizkie.
 
Halako egoera deserosoak saihesteko, Udalak dei egiten die zordunei udaletxera etor daitezen, euren egoera konpontzera.