Albisteak

 
Udal bizkaitarra "Bandera berdea-Udalerri arduratsua" sarietara aurkeztuko da lehen aldiz. Sariok Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independenteen Federazioak (FUCI) antolatzen ditu, Espainiako Osasun eta Kontsumoko eta Ingurumeneko Ministerioen laguntzarekin, eta udalek ingurumen, kontsumo eta iraungarritasunaren alorretan bultzatzen dituzten politikak saritzea dute helburu.
 
Aurkeztutako proiektuak bi dira: batetik, ikastetxean eta udal kiroldegian jarri den biomasako beroketa-sistema, eta bestetik, Hegoalde auzunean, sustapen publikoko 500 etxebizitzaren urbanizatzea
.
 
"Ekoauzoak-District Heating Orozko" proiektuarekin aurkeztu da Orozkoko Udala aurtengo deialdira, "Energia-kontsumoa eta kutsadura" modalitatean. Proiektuak bi ardatz ditu: ikastetxean eta udal kiroldegian biomasako beroketa-sistema ipintzea, eta Hegoalde auzoan, sustapen publikoko 500 etxebizitzaren urbanizatzea.
 
«Biomasaren energiaren aldeko apustua eginda, Orozkok ere bere harri koskorra ekarriko du aldaketa klimatikoa moteltzeko ahaleginean», zeren eta, Josu San Pedro udal ordezkari nagusiak azaldu digunez, "erregai fosilen erabilera murriztuz, karbonoaren ziklo naturala errespetatzen baita, eta berotegi-efektua eragiten duten gas gutxiago isurtzen ditugu atmosferara".
 
Ingurumenaren onerako dela azpimarratu du alkateak. "Gure kalkuluen arabera, urtean 280 bat tona pellet kontsumituko ditugu. Horrek esan nahi du gas natural gutxiago erreko dugula, eta 245 tona CO2 gutxiago isuriko ditugula atmosferara». Gainera, «proiektu hau onuradunen, orozkoar guztien bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin egin da".
 
Sarien irabazleak zein diren datozen hilabeteetan emango dute jakitera. Edozelan ere, aitorpenak urtebeteko iraupena dauka, eta diskriminazio positiboko eredu bat da. Hau da, "Bandera berdea-Udalerri arduratsuaren" titulua izaten jarraitu nahi izanez gero, Udalak ekinean jarraitu beharko du ingurumen hobekuntzaren aldeko programak garatzen eta ekimenak gauzatzen.