Albisteak

Zabortegia 
Orozkoko alkateak, Josu San Pedrok, oso serio hartu du udalerrian zehar dauden zabortegi klandestinoak kontrolatzeko eta garbitzeko lana. Ziurtatu duenez, Udalbatzak gogor eutsiko dio helburu horri, legez kanpoko zabortegi guztiak ezabatu arte. Izan ere, haietako batzuk garbitu eta ezabatu egin dituzte dagoeneko.
 
Jarduketa planaren gakoa zabortegien kokapen zehatza jakitea da, eta gero, berehala lanean hastea. "Halaxe ezabatu dugu, esate baterako, Burrullaga azuoko industria poligonoan zegoen zabortegi bat, arriskutsua izan zitekeena eta Ertzaintzak zaintza pean izan duena", azaldu digu San Pedrok, arazoa zaila dela onartu aurretik. Udal arduradunak jardueron kostu handia ere azpimarratu du, "1.600 eurotik (Burrullagan egindakoa, esaterako) 14.000 euroraino ere irits daitezke-eta, segun eta materialen kutsagarritasun maila zein den". Halaxe, amianto ugariko hondakinak ere aurkitu ditu Udalak zabortegi batzuetan.