Albisteak

esnea 

Orozkoko “Malatsa” gaztandegiak Orozko eta Durangaldeko behien eta ardien esnearekin egingo ditu esnekiak. EHNE-Bizkaia sindikatuak bultzatutako ekimen hau “Esnetik” ekoizpen eta kontsumo-kooperatiba mistoak burutuko du, eta helburua da «artzainek eta abeltzainek euren esnearen truke bidezko prezioa kobratu ahal izatea», Josu San Pedro alkateak esan digunez.

«Sindikatua iaz hasi zen ekoizle eta kontsumitzaileekin harremanetan jartzen, eta elikadura-burujabetzaren alde egiten duten erakundeekin ere bai, esnegintzaren egungo krisiaren aurrean alternatiba bideragarri bat aurkitzeko». Bide horretan, ezinbestekotzat jo zuten irabazi asmorik gabeko ekoizpen eta kontsumo-kooperatiba mistoa eratzea, eta hala sortu zen "Esnetik".

Unai eta artzainei esnea bidezko prezioan erostea erabaki dute, eta beraz, litroa 0,7 €-tan kobratzetik 1,05 €-tan kobratzera igaroko dira. Horren truke euren abereei transgenikorik gabeko pentsua emateko konpromisoa hartuko dute haiek. Esnekigintzari dagokionez (gaztak, gatzatua, jogurtak...), berriz, Orozkoko "Malatsa" gaztandegiak egingo ditu esneki guztiak, beti ere gehigarri kimikoak erabili gabe eta kalitate-kontrol zorrotza gaindituta.

Gainera, produktuak zuzenean banatuko dizkiete bazkide eta interesdun guztiei, eta hala, bitartekariak saihestuko dituzte. «Soberakinak, halakorik baldin badago, proiektuaren helburuekin bat datozen tokiko denda eta saltoki txikie eskainiko zaizkie», gaineratu du San Pedrok.