Albisteak

Agate Deuna 

Orozkoko Agate Deuna abesbatzak kontzertu berezia emango du bere 20. urteurrena ospatzeko. Larunbat honetan, udal frontoian, 21:00etatik aurrera, «36 ahotsek folk musikako 12 pieza kantatuko dituzte, horietako lau koreografiaz lagunduta», adierazi du Gurene Grande abesbatzaren presidenteak, eta «Laudioko Aldaiko musika taldearen, Orozkoko Dantza Moderno Taldearen eta Amurrioko Musika Eskolako irakasleen laguntza» eskertu du.

Ekitaldi honen osagarri gisa, erakusketa bat antolatu dute Orozkoko Museoan. Hogei urte hauetako ibilibidearen une gogoangarrienak biltzen dituen argazki erakusketa hilaren 15era arte egongo da ikusgai.

Makina bat kontzertu

1992an sortu zenetik hona, hainbat eta hainbat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herri osoan, eta guztietan erakutsi dituzte kalitate handia eta musikarekiko grina. Felipe Ainz zuzendariaren ekinari esker ondu dira taldea eta ahotsak, eta gaur egun Orozkoren ordezkari onenetakoa da.

Abesbatza Goio Olabarriak sortu zuen, urtero-urtero Santa Agedako kantuak abesteko batzen zen herritar talde txiki batetik abiatuta.