Albisteak

Garbigunea 

Orozkoko udalbatzak herrira hurbildu du Garbigune zerbitzua: aurrerantzean Laudiokoa erabili ahal izango dute herritarrek. Aiarako Koadrilarekin sinatutako hitzarmenari esker, Laudioko bilketa-gunean utzi ahal izango dituzte euren hondakinak orozkoar guztiek.  «Neurri honen bidez, ez dugu gehiago Basauriko Garbiguneraino joan beharrik izango, eta herritarrek errazago eta erosoago birziklatu ahal izango dute», azaldu digu Josu San Pedro agintari nagusiak.
 
Arduraz erabili

Dagoeneko Laudioko bilketa gunea erabili dezakete orozkoarrek, ordutegi honetan: 08:00etatik 20:00etara astelehenetik larunbatera -jaiegunak izan ezik-, eta igandetan, 09:00etatik 13:00etara. Zerbitzua pertsona pribatuentzat, etxerik etxe konponketa lan txikiak egiten dabiltzanentzat, eta saltoki, bulego eta ostalaritza establezimenduentzat da gehienbat. Eta San Pedrok azaldu duenez, «bertan lanean dihardutenak langile espezializatuak dira, eta edozein gauza bertan onartu baino lehen eurek aztertuko dituzte erabiltzaileek daramatzaten hondakinak, zerbitzua behar bezala erabiltzen dela ziurtatzeko».
 
Zabor mota guzti-guztiak ere ez dituzte hartuko, eta hondakinak 27 talde edo familia ezberdinetan sailkatu dituzte, beren ezaugarri fisikoen arabera -bolumena eta kopurua- edota bakoitzaren ekoizpen berezitasunei erreperatuta -maiztasuna-: landare-olioak, txatarra, bilgarriak, papera, kartoia, obra-hondakinak, eta abar.
 
Alkateak behar-beharrezkotzat jotzen du zerbitzua, eta informazio kanpaina abiatuko dutela ere aurreratu du, herritarrek zuzen erabiltzen ikas dezaten. Horretarako, udalaren ohiko informazio bideak erabiliko dituzte, alegia, iragarki-taula, web orria, sare sozialak eta udal aldizkaria.