Albisteak

Ciudadanos 

Udalak inkesta egin du, herritarrak udal gaiekin zenbateraino dauden pozik jakiteko
Orozkoarren %72k uste dute Udalak udal gaietan parte hartzen uzten diela. Hala erakusten du Udalbatzak agindu duen inkesta batek. "Gizarline" laneratze enpresak burutu du, doan, gogobetetze-inkesta, eta 150 lagun itaundu ditu telefonoz.

%71k egoki eta komenigarri deritzote kultura, hirigintza eta ingurumeneko gaiak eztabaidatzeko, Udalak lantaldeak sortzeari, sanantolinekin eta euskararekin egin den moduan esate baterako. Era berean, herritarren parte hartzea bultzatzeko, itaundutakoen  %90ek oso positibotzat jotzen dute auzoan auzoko batzarrak egitea, bakoitzari dagozkion arazoak eztabaidatzeko.

Bestela, galdeketak agerian utzi du orozkoarren %67k nahikoa irizten diotela Udaletik ematen zaien informazioari, nahiz eta %46k herritarrekin komunikatzeko beste bide batzuk ere erabiliko lituzketen, kasu baterako asanbladak, udal aldizkaria -dagoeneko argitaratzen hasi dena- eta iragarki gehiago ere bai.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuei dagokienez, berriz, emaitzek erakutsi dute herritarren %70ek ez dakitela zein zerbitzu eskaintzen zaizkien.

Josu San Pedro alkateak adierazi duenez, "legegintzaldi honetan inkesta gehiago egiteko asmoa du udalbatzak, hala jakingo dugu-eta herritarrek ze iritzi duten eta zein eskakizun dituzten udal zerbitzuen gainean, eta zerbitzuok hobetu ahal izango ditugu".