Albisteak

Jendea jaietan 
"Antolinzaleak" jai batzordeak eta Orozkoko Udalbatzak San Antolingo jaietako kartel lehiaketa deitu dute. Edozein material, teknika eta kolore erabili ahal izango da, eta udalerriko herritar guztiek parte har dezakete. Aurten ere kategoria berezia egongo da 14 urtetik beherako haurrentzat.
 
Baina badira derrigor bete beharreko eskakizun bi. Batetik, neurria -70 x 50 cm-koak izan behar dute, eta formatu bertikalean-; eta bestetik, honako testu honek agertu beharko duela: “Orozkoko Jaiak. San Antolin 2012. Abuztuaren 31tik irailaren 4ra”. Lanak euskarri gogorrean aurkeztuko dira, eta jabeei itzuliko zaizkie behin Orozkoko Museoko erakusketa amaituta.
 
Interesa dutenek ekainaren 29tik uztailaren 6ra arteko epea izango dute euren lanak Induma-n aurkezteko. Irabazlearen izena uztailaren 9a baino geroago jakinaraziko da, eta 250 €-ko saria irabaziko du. Bigarrenak, 150 € jasoko ditu, eta haurren kategoriako irabazleari, berriz, pintura-materiala emango zaio.