Albisteak

Izotz-edariak egiten 

Irailaren 2an, 11:00etatik aurrera, garrafatan egingo dituzte izozkiak eta izotz-edariak, eta Orozko munduko garrafa-museorik handiena bihurtuko da.

Datorren igandean "X. Garrafa Lehiaketa" egingo dute Orozkon, eta txakolinezko limonadak prestatzeko ohitura zaharra berrituko dute. Hain zaharra, ze 1885eko Bizkaiko Historia liburuan bertan adierazten da Orozkon antzinatik oso sustraitua zegoen ohitura zela.

“Garrafa” ardo zuriz, urez, brandyz, azukrez eta limoiz egindako izotz-edaria da. Antzinako izozki makinetan prestatzen da. Orozkon, garrafa esaten zaie makinoi ere.

Urtetik urtera gero eta gehiago dira lehiaketan parte hartzera hurreratzen direnak. Baina txapelketa baino, batez ere jaia da, Orozkon “garrafa” festa delako, oso festa berezia, lehengo denborak eta antzinako bizimodua gogoratzeko festa.

Antzinako izozki-makina hauek -egurrezko kupela, biradera eta edango den likidoa gordetzeko biltegia dutenak- gaur egun zaharkituak dauden arren, ahogozo berezi eta bakarra emanez izozten dute biltegiko likidoa.

Aurtengo lehiaketan 60 garrafa inguruk parte hartuko dute. Eta horiez gainera, beste hamabost bat gelditu gabe ibiliko dira etxeko izozkiak, alkohol bako limonadak eta zukuak egiten, gero, lehiaketa amaitu ostean, debalde ikusle guztiei dastatzen emateko.

Izan ere, txapelketa egunean Munduko Garrafa Museo benetakoa bihurtzen da Orozko, halako izozki-makina zaharrak biltzen dituen bakarra, beste hainbat herrialdetan erabili izan dituzten garrafak ere bertan ikusgai ipiniko dira eta. Hala, Orozkon gaur egun dauden 400 makinez gain, kaleko museo horretan ikusgai egongo dira Frantzia, Holanda, Alemania eta Estatu Batuetako garrafak, baina batez ere Euskal Herrikoak. Hauen artean, aipagarrienak Arrasateko ELMA enpresak joan den mendearen erdialdera arte egin zituenak.

Hainbeste garrafa Orozkon pilatzea ez da, ez, kasualitatea: mendeetan zehar Orozkon izotzak izan duen garrantziari zor zaio hori. Hain zuzen ere, XVI. mendetik XX. mendearen erdialdera arte, Itxinako elurtegietan pilatutako izotza Bizkai osoan banatzen zen, Bilbon ere bai. Elurzulo horietan ikusgarriena Zaratate-Neberabarri izenekoa izango da agian, eta garrantzitsuena ere bai garai batean: egin kontu, errentan ematearren Orozkoko Udalak kobratzen zuen diruarekin urte osoko gastuen hiru laurdenak ordaintzen zituen.

Hitzordua irailaren 2an, 11:00etan, Zubiaur plazan izango da.