Albisteak

 

Udal arduradunek administrazio garden, kolaboratzailea eta partaidetzazkoa nahi dute. Eta ildo horretan, “Herritarren partaidetzako lehen araudia” prestatzeari ekin diote. Josu San Pedro alkateak esan duenez, «herritarrekin batera elkarlanean protokolo bat egitea da kontua, eta bertan zehaztuta uztea zein bide duten herriko pertsona eta taldeek udal kudeaketan parte hartzeko eta euren kezkak eta helburuak adierazteko».

Azken hileetan Udalbatzak araudiaren zirriborro bat prestatu du, eta laster banatuko zaie herritarrei eta elkarteei, lan egiteko oinarria izan dezaten. Hurrengo batzarretan jendeak zirriborro horren gainean egindako proposamenak, iradokizunak eta ekarpenak jasoko dituzte, eta horiekin azken testua eratuko dute. Izan ere, eduki garrantzitsuak zehatuko ditu dokumentu honek: Auzo batzarra, osoko bilkuretan eta informazio-batzordeetan parte hartzeko eskubidea, entzunaldi publikoa izateko eskubidea eta abar.

Hala ba, herritarrak animatu nahi ditu alkateak Herritarren Partaidetzako Araudia lantzera bil daitezen, «dokumentu horrek zehaztu eta hobetuko dituelako udal kontuetan parte hartzeko erak, eta parte hartuz herritarrek Orozko hobetzeko ekarpenak egingo dituztelako, eta herriko demokraziaren gardentasuna eta kalitatea bermatuko ditugulako», azaldu du San Pedrok.

Eta aurreratu digu datorren astean hasiko direla protokoloaren zirriborroa banatzen.