Albisteak

 

Bost urte joan dira bertoko euskara berreskuratzeko asmoarekin eskualdeko udalek bat egin zutenetik, eta Zuztarretatik proiektuak fruituak ematen segitzen du.

Orain, eskola agenda bat. Barruan, edozein agendak dakartzan ohiko edukiez gain, Gotzon Barandiaranek idatzitako eta Ángel Domínguez galdakoztarrak ilustratutako hamar ipuin sartu dituzte. Eta gainera, eduki hauek guztiak Interneten ikusgai daude. Izan ere, aurten sortutako bigarren tresna webgune berri bat izan da, www.zuztarretatikahora.com izenekoa.

Bertan eskegiko dira orain arte proiektuak eman dituen kantu, lan eta eduki guztiak. Eta herritarrak webgunera erakartzeko, Arkaitz Estiballes bertsolariak eta Xabier Zabala musikagileak sortutako kantu bat eskualdeko hainbat lagunek abestu eta gunean eskegi dute. Sakelako telefonorako berezko politonoa ere jaitsi dezakezue bertatik.