Albisteak

 

"Aire zabaleko museoa" ekimenak herriko ondare-aberastasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera emango die herritarrei.

Azaroaren 4tik 25era, Orozkoko Museoak "Aire zabaleko museoa" ekimena egingo du. Begoña Olabarria Kulturako zinegotziak azaldu duenez, «herriaren ondare-aberastasuna erakusteko helburuarekin, proposamenak lau bisita gidatu eskainiko ditu herriko beste horrenbeste toki esanguratsutara».

Bisitok adin guztietakoentzat dira, eta lehenengoan, Oderiaga eta Okulugorta mendietako "Errotarriak eta artzainen saroiak" bisitatuko ditugu; bigarrenean, Ibarra, Zaloa eta Urigoiti Erdi Aroko auzuneak ezagutzeko aukera egongo da. Hirugarrenak, "Santa Marina eta Larragoitiko jentilen bila. Beste gaztelu bat itzalpean" deritzonak, Larragorriko tontorrean dagoen gaztelura eramango gaitu; eta azkenik, "Askorriganeko ubidea (Itzina). Burugabekeria baten historia" izenekoan, Itzina mendigunearen oinera hurreratuko gara bertan egindako Askorrigan ubidearen lan faraonikoa ikusteko.

Bisita gidatuak doan dira, eta goizeko 9 eta erdietan abiatzen dira Orozkoko Museotik. Hiru ordu inguruko ibilaldiak izango dira, eta interesa dutenek izena aurrez eman beharko dute Orozkoko Museoan, 946 339 823 telefono zenbakian edota museoa.orozko@bizkaia.org helbide elektronikoan.