Albisteak

 

Aurtengo egitarau oparoan perretxikoekin egindako platerak dastatzea, pintxo lehiaketa eta "perretxiko bitxiak" hitzaldia daude

Mikologia Astearen beste edizio bat antolatu dute Orozkon. Gastronomia ekitaldi honen bidez «gure herriko mendietako perretxiko aberastasuna ezagutzera eman nahi dugu», adierazi digu Josu San Pedro Orozkoko alkateak.

Argazki lehiaketa ere egingo dute Mikologia Astearen 5. edizio honetan. Oinarriak eskuragarri dituzue Induman, Udaletxean, Orozkoko Museoan, Zubiaur Kafetegian, Batzokian, Itxina Tabernan, Arrugaetan eta udal webgunean. Horrez gainera, Alberto Villanueva mikologoak "Setas curiosas de Euskal Herria" hitzaldia emango du azaroaren 25ean, igandea, Orozkoko Museoan, 12:30ean.

Baina aurten ere ekitaldi arrakastatsuenak, zalantzarik gabe, gastronomiarekin lotutakoak izango dira: perretxikoen pintxo lehiaketa eta perretxikoekin egindako platerak dastatzea. Pintxo lehiaketan herriko lau taberna (Zubiaur Kafetegia, Batzokia, Itxina Taberna eta Arrugaeta) zein baino zein finago arituko dira delicatessen txiki gozoak sortzen. Prestatutako gutiziak edozeinek probatu ahal izango ditu azaroko ostiraletan, alegia hilaren 9an, 16an eta 23an. Eta baloratu nahi izanez gero, nork bere iritzia eman dezake taberna parte hartzaileetan bertan egongo diren kupoi batzuen bitartez.

Azaroaren 24an, larunbata, 19:30ean, Tomas Sautua sukaldari orozkoarrak perretxikoekin egindako plateren dastatzea egingo du San Isidroko txokoan.

Hitzordu nagusia, baina, azaroaren 25ean izango da, Zubiaurko plazan. Hantxe, 14:00etan puntuan emango dituzte jakitera argazki eta pintxo lehiaketen irabazleen izenak.