Albisteak

 

Orozkon, erosketak euskaraz egiten badituzu, saria jaso dezakezu! "Erosi euskaraz" lelopean, bihar, azaroaren 5a, hasiko da Udaleko Euskara Sailak antolatu duen ekimena, eta abenduaren 2ra arte iraungo du. Herritarrak euskaraz egitera bultzatzeko, GPS bat zozketatuko dute.

Sustapen-kanpaina honetan parte hartzeko, udalerriko bederatzi establezimenduk (Ekilore, Ezpela Barri, Gure Arraindegia, Itxina taberna, Ikusi-Makusi, Iza jantokia, Kera, Zubiaur kafetegia eta Orozkoko Batzokia) txartelak banatuko dituzte euren bezeroen artean. Txartelotan sei lauki dituen puzzlea dago, eranskailu batzuk itsatsiz kontsumitzaileek bete egin beharko dutena.

Eta nola lortu eranskailuak? Bada, Orozkoko denda, taberna eta jantokietan kontsumituz eta euskaraz eginez.

Behin puzzlea bete dutenean, alegia eranskailuak itsatsiz kanpainaren logoa osatu dutenean, txartela Indumaren bulegoan horretarako propio ipini duten ontzian utzi  beharko dute astelehen eta asteazkenetan, 16:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan, 09:00etatik 14:00etara. Zozketaren irabazlea Euskararen Egunean, abenduaren 3an iragarriko dute. Begoñe Olabarria Euskara zinegotziak adierazi digunez, ekimenaren helburua da «udalerrian hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, eta orozkoarrek kontsumitzea ere euskaraz egin dezaten naturaltasun osoz».