Albisteak

 

Orozkoko kultur talde eta elkarteek Donibane aretoa doan erabili ahal izango dute, ekitaldi publikoak egiteko baldin bada. «Baina ikusentzuneko teknikariaren soldata, halakorik behar izanez gero, ordaindu egin beharko dute», zehaztu du Josu San Pedro alkateak.

Erabaki hori oraintsu onartu du Udalak, datorren urterako udal zerga eta tasen igoerarekin batera. % 2,7 igoko dituzte tasak 2013an; horrek esan nahi du «etxebizitza bakoitzak 7,04 € ordaindu beharko dituela ura, estolderia eta zaborraren tasa; edo 2,35 € herritar bakoitzeko».

Eta badude beste aldaketa batzuk ere. Kiroldegiari dagokionez, futbol zelaiaren, boulder-aren eta termen alokairu-prezioak eguneratu dituzte. Izan ere, 7ko futbolean jokatzeko tarifa berria ipini dute, eta % 15eko deskontua eskainiko dute kiroldegiko instalazioak erabiltzeko hamar aldiko bonua hartuta. Boulder-aren prezioak merkatu egin dituzte ea jende gehiago animatzen den, eta termek hiru kupoi ezberdin izango dituzte, urtaroaren araberakoak.

Azkenik, lehen sektorekarekin lotutako lan guztiek %95eko hobaria izango dute, «baina bakarrik interes berezikotzat izendatuak badaude eta eskatzailea Gizarte Segurantzako nekazaritzako erregimen berezian izena emanda baldin badago», esan du San Pedrok.