Albisteak

 

Ganaduzaleen hitzorduaren osagarri, GASTRONOMIA ASTEA ere eratu dute: Eusko Labeldun terreña arrazako okelaz menu bereziak prestatuko dituzte Orozkoko lau jatetxek.

Datorren larunbatean, abenduaren 15a, "Terreña arrazako Euskadiko VI. txapelketa" egingo da, Orozkoko Udalak eta Terreña Arrazako Bizkaiko Elkarteak antolatuta. Txapelketa Santa Luziako azokaren egitarauaren barruan dago. Hegoalden egingo da, eta 14 ganadutegiko 71 abelburu bilduko ditu.

Hala ba, larunbat honetan Orozko lehen sektoreko bilgune bilakatuko da, eta desagertzeko arriskuan dagoen okelatarako arraza baten erakustoki. Terreña arraza galtzeko bidean egon da, bai; baina ingurumen eta nekazaritzako arduradunen laguntzei esker, ganaduzaleek 2.000 buruko kopuru adierazgarriari eusten diote gaur egun. Abere indartsuak dira terreña arrazako behiak, larrekoak eta otzanak, eta ingurunera ederto moldatzen direnez, gure mendietako alde malkartsuenak ustiatzeko oso baliagarriak izan daitezke.

Sei ganaduzale bizkaitarrek, lau gipuzkoarrek eta lau arabarrek ekarriko dituzte euren abelburuak Orozkora, eta adinaren eta sexuaren arabera ezarri diren 9 kategorietan lehiatuko dira. Horietako 3 arrei dagozkie, beste 6ak, emeei, eta bakoitzean epaileek hiru sari banatuko dituzte. Gainera, sari bereziak emango zaizkie behi txapeldunari, zezen txapeldunari, ganadutegi onenari eta hazi-jartzeko buru onenari ere bai.

BERRIKUNTZAK

Ganadu feriarekin batera, azoka ere egongo da 10:00etatik 13:00etara. Gaztak, marmeladak, euskal pastela eta beste hainbat jaki gozo eskainiko dituzte 29 salmenta-postutan, eta beste 20tan, berriz, eskulangintza lanak (egur-lanketa, larrugintza eta ehungintza). Bertoko produktuak sustatzeko, barazki eta janari lehiaketa egingo dute, eta etxeko ogi onenak, gazta eta barazki onenak, eta salmenta-postu onena sarituko dituzte.

Baina berrikuntza handiena “Gastronomia Astea” da. Ostegunetik, abenduaren 13tik, igandera arte, hilaren 16an, terreña arrazako behi okelaz prestatutako menu bereziak eskainiko dituzte Orozkoko lau jatetxek (Arrugaeta, Iza, Batzoki eta Zubiaur jatetxeek hain zuzen ere). «Jarduera honen helburua terreña okelaren dohainak ezagutzera ematea da», azpimarratu du Raquel Olavarria Abeltzaintza zinegotziak, «samurra da eta gantz infiltratuak ahogozo berezia ematen dio, on-ona».

Bestalde, azokaren harira bi jardunaldi tekniko antolatu dira Orozkoko Museoan bertan. Lehenengoa, ostegunean, hilaren 13an egingo da, 19:00etatik aurrera, eta lehen sektoreko eskualdeko plan estrategikoa izango du ardatza. Biharamunean, abenduaren 14an, eta ordu berean, 19:00etan, jantoki kolektiboez eta elikadura-burujabetzaz jardungo dute.

Eta azokara hurbiltzen direnek beste pizgarri bat ere topatuko dute: Eusko Labeldun terreña okelako hanburgesen dastaketa, 12:00etan.