Albisteak

 

Urigoiti auzoa da jardueraren eremua. Bertan, saneamendu-sarea konpondu, gune degradatuak berreskuratu eta aparkaleku gehiago egingo dituzte.

Urigoiti auzoa Gorbeia mendirako sarbidea denez, han jende asko ibiltzen da beti gora eta behera. Horregatik, Orozkoko Udalak auzoa itxuraberritzea erabaki du, eta dagoeneko ekin die bertako inguruetan 3.428 m koadro urbanizatzeko lanei. Izan ere, zirkulazioa berrantolatuko dute, aparkaleku gehiago egin, saneamendu-sarea berritu eta gune degradatuak berreskuratuko dituzte.

Horrela ba, aparkaleku gehiago egingo dira eliza eta iturri inguruan, eta zirkulazioa berrantolatuko dute. «Saneamendu-sareari dagokionez, putzu-septikoa ere aldatuko dugu, oraingoa hondatua dago eta», adierazi digu Josu San Pedro alkateak.

Jarduera biribiltzeko, Udalbatzak elizatik hurbil dauden gune degradatuak berreskuratuko ditu, eta hurbil dagoen parterre bat ere bai. «Haietan, zorua hobetuko dugu eta hondakinak biltzeko edukiontziak ipiniko ditugu, aisiarako eremu berria sortuz», azaldu digu San Pedrok. Parterrea, berriz, harlauzez zolatu eta plaza bihurtuko dute. Eta horren guztiaren osagarri, bankuak eta beste hiri-altzari batzuk jarriko dituzte.

Guztira 145.685 euro inbertituko dira, eta otsailaren amaierarako bukatua egongo da.