Albisteak

 

Ostiral honetan arratsaldeko 19:30etan “Blas de Otero – obras completas (1935-1977)” liburua aurkeztuko da Orozkon.
Blas de Oteroren amaren familia orozkoarra da eta bere obretan herriaren paisaiak eta oroitzapenak islatzen dira.

Orozko, 2013ko uztailaren 4a.- Orozkoko Udalak Blas de Otero Fundazioarekin batera ekimen desberdinak antolatuko ditu ostiral honetan olerkari bilbotarreren obra eta bizitzaren inguruan. Antolatuko diren ekimenen artean azpimarratu behar da idazlearen ibilbide literarioari buruzko bisita gidatua. Nahiz eta Bilbon jaio, Blas de Oteroren amaren familia orozkoarra da. Bizi izan zituen 63 urteetan zehar Madrilen, Bartzelonan, Sobietar Batasunean, Kuban edo Txinan egon zen, baina bere obretan Orozkoko paisaiak eta oroitzapenak ere islatzen dira. Izan ere, bere olerki batek herri bizkaitarraren izena dauka. Gorbeiaren oinaldean bere bakezko une ahaztezinak pasatu zituen Ugarte dorretxean bizi zen Pepita Sagarmina bere amonarekin batera. Bisita gidatua 18:00etan hasiko da Orozkoko Museoan.

Bisita bukatu ondoren, “Blas de Otero – obras completas (1935-1977)” liburua aurkeztuko da. Olerkari bizkaitarraren obra osoaren aurkezpenean, Sabina de la Cruz, Blas de Otero Fundazioaren presidentea; Ibon Arbaiza, Blas de Otero Fundazioaren zuzendaria eta Josu San Pedro, Orozkoko alkatea egongo dira.