Albisteak

 

Orozkoko Albizu auzoan dagoen ermitako zurezko kasetoidurako pinturak konponduko dira. Ez dakigu nork egin zuen ermita, baina 1770-1771 urteetan goitik behera berritu zen. Esku hartze honen emaitza itxuraz eraikin soila izan zen: nabe bakarra, luzanga; sarrerak hegoaldean eta oinetan dauzka; bi isurialdeko teilatua; kanpai-horma xume bat eta kofradeen batzarrak egiteko erabiltzen zuten arkupe tradizionala. Zur polikromatuzko armadura batek osorik estaltzen du.

Ganga kalitatezkoa da, baina gainera, irizpide klasizista eta barrokoen arabera guztiz polikromatuta ageri da. Presbiterioa izar-ertzeko nerbioen bidez eta horma-ataletako taulen bidez nabarmentzen da. Erdialdeko klabean eguzkia dago, eta polikromiak nerbioak edertzen ditu, tranpantojo gisa nabarmentzen direnak. Motiboak panel kuxindunak dira, koloretakoak, eta zuri-oinarri oso mehe batekin, azurita eta minio trazekin, konposizioa osatzen dute. Margo horien teknika tenpera da, zuraren gainean zuzenean aplikatutako prestakin geruza baten gainean. Kasu honetan, kalitatea zur-lanarena baino apalxeagoa da, batez ere koruaren gaineko zatietan. Ez da Bizkaian ikus dezakegun zurezko ganga bakarra, baina bai barrokoko bakarra.

Ondoko lanak egingo dira: elementu guztiak kontserbatzeko-zaharberritzeko tratamendu integrala emango da; zikinkeria kenduko da; mihiztadurak sendotuko dira; gaizki kokatuta dauden taulak ondo jarriko dira eta beharrezkoa denean horien ordez berriak jarriko dira; zurezko zuntza finkatuko da; polikromia finkatu eta garbituko da; iztukadura tratatuko da; kolorea falta den tokietan berriz jarriko da, eta esku-hartze osoari azken babesa emango zaio.