Albisteak

 

Abian jarri zenetik 7 urte igaro direnean, Orozkok "Zuztarretik ahora" talde proiektuaren bitartez Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko herri ondarearen ezagutza sustatzen jarraitzen du.

Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, eta Ugao-Miraballesko udalek, eta geroago 2010ean Zaratamoko udalak sustatutako egitasmo horren lehenengo helburua, herri horietako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu, landu, eta guztiarekin Haur eta Lehen Hezkuntzako umeentzako Euskal Curriculumean txertagarri izango zen material didaktiko-pedagogikoa sortzea izan zen. Joan den ostiralean, Etxebarrin aurkeztu dira urte honetarako ezarritako euskarri berriak.

2013 urterako egitasmoa

2013 urteari begira erronka bikoitza ezarri dugu: 2013/2014 Eskola Agenda "Olgetan brinko" izenekoa eta Bideo transkribatuen bilduma. Bideo hauek euskara, gaztelera eta ingelesezko azpitituluak dauzkate.

Egitasmoaren zabalkunderako webgunea: www.zuztarretatikahora.com

  1. Eskola agenda. Agenda hau ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako bitartekoa ez ezik, Nerbioi Ibaizabal Bailararen eduki etnolinguistikoak transmititzeko bitartekoa ere bada. Agendan, guraso-irakasleen arteko asteko oharrak, ordutegiak... eta abarreko eduki funtzionalez gain, Zuztarretatik Ahora egitasmoan batutako berbak eta esaerak be uztartu dira. Bai eta munduko errefrauak, asmakizunak eta hezkuntza prozesuan interesgarri suerta daitezkeen webguneen erreferentziak. Nagore Amondarainek sortutako 10 ipuinak Kepa Bilbao ilustratzaileak irudikatu ditu, eta Ibegrafik enpresa arduratu da diseinu grafikoaz. Bailarako 9 herri hauetako jaien erreferentziak, ohiturak, egun bereziak eta udalerrietako zerbitzuen gidak osatzen dute agendaren mamia. Euskararen erabilera neurtzeko eta sustatzeko aukera ere izango da, propio prestatu dan ariketatxo baten bidez. Agendaren muga fisikoak gaindituz, bertako hainbat eduki zuztarretatikahora.com webgunean garatzen dira. Zabalkunderako euskarri aparta da www.zuztarretatikahora.com webgunea. Agendako berben esanahiak, esaeretako adibideak, kantuen audioak... Egitasmo honek bere zuztarrak bota eta potolotu nahi ditu bailarako ondare etnolinguistiko eta kulturalarekin. Orozkon, 230 ale banatu dira Lehen Hezkuntzako ikasleen artean eta herrian ikasten ari diren euskara ikasleen artean. Produktua praktikoa izateaz gain, didaktikoa ere bada. Aurten bi izango dira gai nagusiak: jolas tradizionalak euskaraz (2013-2014ko eskola agendako gai nagusia), eta euskararen ezagutza eta benetako erabileraren inguruko hausnarketa eragitea.
  2. Bideoak: http://zuztarretatikahora.com/zuztarretatik-ahora/bideoak/ Labayruk egindako landa-ikerketan eskualdeko 77 laguni egin jakezan grabaketak, eta emaitza 340 ordutik gorako grabaketak izan ziren. Bideo-erreprodukzio hauetan, Zuztarretatik Ahora DVDan argitaratu ziren bideo-txatalak edo zatiak aurkituko dituzu. Bideo-txatalaren osagarri, lekukoak esaten dutenaren transkripzioa dago, eta hau hiru hizkuntzatan irakurtzeko modua ere eskaintzen du: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Bideoak aukeratzeko orduan, bilaketa egiteko era desberdinak daude: gaika, herrika, partaideka, zikloka, atalka edo berba solteak kontuan hartuta.