Albisteak

 

Maiatzaren 10ean Ondategin, Zigoitian (Araba)

Tokiko ferietatik banandu egin da, berezko nortasuna izateko.

Aurrerantzean Zuia, Zigoitia, Zeanuri eta Orozkoko Udalek antolatuko dute, txandaka

  • 200 abelburu baino gehiago: behiak, zaldiak, ahuntzak eta ardiak
  • Bertoko artisau eta ekoizleak
  • Gure abeltzainek parke naturala dagoen bezala mantentzeko egiten dituzten jardueren eta lan garrantzitsuaren erakusleihoa

Gorbeia Parke Naturaleko I. Abere Azokaz ari gara, hain zuzen ere.

Hitzordura deituta daude parkean bazka-ustiapenak dituzten abeltzain guztiak, hau da, Gorbeiaren eremuan dauden udalerrietako abeltzainak: Arabako aldetik Zigoitia, Zuia eta Urkabustaizkoak eta, Bizkaia aldetik, Zeanuri, Orozko, Artea, Areatza eta Zeberiokoak. Eta baita udalerri horietan lan egiten duten artisau eta ekoizle guztiak ere; gazta, ezti, garagardo, baserriko ogi, euskal pastel eta likore ekoizleak, esate baterako.

Modu honetan berreskuratu da iaz, aurrekontu faltagatik, bertan behera geratu zen azoka; helburu bera izaten jarraituko du, gure abeltzaintzaren erakusleiho izatea, baina antolamendua aldatuz. Orain arte Parkeko Feria, antolatzen zuen udalaren bertoko azokarekin batera egiten zen, deialdi bakar batean.

Aurrerantzean, Gorbeiako Parkekoa maiatzaren bigarren larunbatean egingo da eta Zuia, Zigoitia, Zeanuri eta Orozkoko Udalek antolatuko dute, txandaka.

Aldaketarekin Gorbeiako Azokak pisua eta nortasuna lortzea espero da, eta baita nekazari eta abeltzain azoken egutegian sendotzea ere.