Albisteak

 

Orozkoko Udalak urtero orozkoarrek eskatzen duten zerbitzua lortu du: pediatria-erizaintza kontsultategi bat. Hilaren 19tik aurrera martxan jarriko da zerbitzu hau, astelehenetan 12:00etatik 14:00etara. Bertan ume osasuntsuei pediatraren presentzia behar ez dituzten aldizkako azterketak eta txertaketak egingo zaie. Laudioko Osasun Zentruko pediatra baten erizaina izango da Orozkoko kontsultategiko profesionala.
 
Josu San Pedro, Orozkoko Alkateak, azaldu duenez “zerbitzu honekin gure herritarren aldarrikapen historiko bati erantzuna ematen diogu eta gainera zerbitzu pediatrikoa gure herrira hurbiltzen dugu”. “Udalera heldu ginenean Osakidetzari eskatu genion pediatria-zerbitzua baina esan zigutenez ez ginen gutxienezko ratioetara heltzen.  Osakidetzarekin umeentzako pediatria-erizaintza kontsultategi bat martxan jartzeko tratua egin dugu gutxienez zerbitzuaren parte inportante bat Orozkora hurbiltzeko.” 
 
Gurasoek hitzordua eskatu behar dute umeen pediatraren kontsultan. Beraz, ezin da eskatu Orozkoko Osasun Zentruan ezta Osakidetzaren webgunean ere. Orain egiten den bezala ordua edo eguna aldatzeko pediatraren kontsultara deitu behar da. Nahi dituztenek azterketak Laudion edo Orozkon jaso ditzakete.