Albisteak

 

Urtero legez, abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, horren harira, Orozkoko Udalak, Amurrion ‘Aiaraldea euskaldun! Konpromisoak eta maitasuna’ lelopean ospatuko den ekitaldira joateko deia egin du. Goizeko 11:30ean zutabeak, haize-errotak eta euritako koloretsuak izango dira protagonista. Ekitaldi nagusia plazan izango da eguerdiko 12:00etan, bertan azalduko dira zeintzuk diren herritarrek eta entitateek prestatu dituzten konpromisoak. Ondoren, 13:00etan, flashmob eta dantzaldi kolektiboaren txanda izango da. Horretaz gain, goiz osoan zehar, musika, gaztain erreak, ardo beroa, jolasak, txistorra, eskulanak, buruhandiak, Builaka batukada eta dantzak egongo dira. Ekitaldien amaiera, 14:00ak aldera izango da.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak deitutako goiza izango da abenduaren 3koa. Egun horretan, konpromisoak Amurriora eraman eta euskararekiko maitasuna erakusteko, eskualdeko herri guztietatik zutabeak abiatzea da beraien asmoa. Euskaldunei, erdaldunei, zein euskara apur bat baino ulertzen ez dutenei egiten die deia Euskalgintza Kontseiluak. Kontseilu hau aurtengo otsailean osatu zen, euskararen normalizazioaren alde ekiteko. Eskualdeko 40 entitatek baino gehiagok hartzen dute parte bertan, tartean dira kirol eta kultur elkarteak eta ikastetxeak. Kontseiluak Aiaraldeko bederatzi udalekin (Aiara, Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Artziniega, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduña) eta Aiarako Koadrilarekin elkarlan hitzarmena sinatu zuen udaberrian.