Albisteak

 

Orozkoko Udalak Presatxuaurre eta Saldrugan herri-basoak berreskuratu ditu hauen mugarritzeari esker. Denboran zehar, Udalarenak ziren lursailak publikoak izateari utzi diote, jabedunen esku egotera pasatzeko. Hori gertatzeko arrazoiak, desamortizazioak, salmentak, usurpatzeak edota akatsak izan dira. Udalaren helburua lur publikoak definitzea eta pribatizatutakoak berreskuratzea da.

Lursail batzuk gaur egungo errealitatearekin bat datoz, baina beste batzuen kasuan, azaleraren gaineko kointzidentzia ezak ikerketa arrazoi izan dira. Hauek Presatxuaurre eta Saldruganen kasuak dira. Lehenengoan, parajeak 3638 m² zituen eta gaur egun 350 m²-rekin bakarrik agertzen da katastroan. Saldrugan herri-basoaren kasuan, lehen 5,7 hektarea zituen eta orain 2,7 hektarearekin dago katastroan. Hau da bi herri-baso hauen  mugarritzea egiteko arrazoiak.