Albisteak

 

Joan de urtarrilaren 1etik aurrera, bizkaitarrek gehienez 30 euro ordainduko dituzte hilean, Supersur, AP-8 eta Artxandako tuneletako autopistak erabilita, guzti hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuduntzapekoak. Hobari honetatik kanpo geratuko dira, ordea, AP-68 autopistako erabiltzaile bizkaitarrak, hau da, Orozkoko herritarrak eta gainontzeko Hego Uribeko biztanleak. Ondorioz, pertsona hauek gainontzeko bizkaitarrek baino eskubide gutxiago izango dituzte, bigarren mailako bizkaitar moduan hartuak izanik.

AP-68 autobidea espainiar Estatuaren eskuduntzakoa da, hala ere, Arabako Foru Aldundiak, 2012ko ekainaren 1etik hobariak eskeintzen dizkie Arabako herritarrei errepide hau erabiltzen dutenean. Hau dela eta, Orozkoko Udalak Eusko Jaurlaritzak espainiar Estatuari AP-68aren eskuduntza eska diezaion eskatzen du, baita Bizkaiko Foru Aldundiak autopista honen erabiltzaile bizkaitarrei ere hobariak eskein diezaizkien, Bizkaiko gainontzeko autopisten erabiltzaileek dituzten eskubide berak izatea bermatzeko asmoz.