Albisteak

 

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko gazteriari buruzko azterketa-diagnostikoa martxan da, horrekin batera Udal Gaztedi proiektuari dagokion beka-programa ere abian jarri da. Iazko urriaren 6an, proiektu hori sinatu zuten Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera Orozkok eta eskualdeko beste udalerri hauek: Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Ugao, Zaratamo eta Zeberio. Proiektuaren helburua eskualdeko gazteen enplegu politikak garatu, sustatu eta ezartzea da, eskualdeko gazteen kolektiboa ondo ezagutzeko eta, horrela, lan-merkatuan sartzeko aukerak eskeini ahal izateko.

Proiektuaren helburua eskualdeko gazteriaren diagnostikoa egitea da. Hala, 15 eta 29 urte bitarteko  biztanleriaren (13.000 gazte inguru) errealitateari buruzko ezagutza handitu nahi da, beraien benetako egoeran oinarrituz gazteei zuzendutako politikak diseinatu ahal izateko. Azterlana egiteko, eskualdeko gazteen ezaugarri, interes eta eskaeren informazio kuantitatibo eta kualitatiboa bilduko da, eta, gainera, mota guztietako datuak jasoko dira, geroago politikak, baliabideak eta programak diseinatzeko orientabide erabilgarriak identifikatzeko. Honetarako, eskualdeko gazteria sail desberdinetan inkesta egingo dira, Orozkon Induma informazio bulegoan egingo dira.

Aurtengo beste proiektu nagusietako bat 18 eta 25 urte bitarte dituzten eta langabetuak diren gazteei zuzendutako sei bekak dira. Beka horiei esker, gazteek lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dituzte eskualdeko enpresetan, laneko lehenengo esperientzia eskuratzea erraztuko zaielarik, eta ondorioz lan-merkaturako sarbidea ere hobetu egingo da. Bekek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta dagoeneko hiru beka zehaztu dira. Gainerakoak otsailean bertan zehaztea espero da.

Udalak adin horretako gazteei inkesta eta elkarrizketetan parte hartzeko deia egiten die. Beraien laguntzarekin, benetako interesatuei egokitua izan den diagnostiko erreal bat egin ahal izateko.

 Kartela jaitsi (PDF 205KB)