Albisteak

 

Orozkoko liburutegiak ere utzi dio betiko biblioteka tradizionala izateari, gaur egun bertan dauden liburuak maileguan hartzeaz gain, beste hainbat aukera ere ematen ditu. Internet bidez bertako zenbait tramite egin daitezke, esate baterako, aukeran dauden liburuak zeintzuk diren ikustea eta mailegu epea luzatzea. Horretarako, nahikoa da liburutegira joan eta pasahitza eskatzea, ondoren, NAN zenbakia (letra gabe) eta emandako pasahitza webgune honetan sartu eta Eusko Jaurlaritzaren Biblioteken sarean nabigatu daiteke.

Irakurri nahi den liburua Orozkoko liburutegian aurkitzen ez bada, ez da beharrezkoa beste herri bateko liburutegira joatea. Izan ere, biblioteken arteko mailegua egin daiteke, hau da, eskuratu nahi den liburua zein den liburutegian esan eta hurrengo astelehenean mezulari batek bertara ekarriko du. Normalean arazorik izaten ez den arren, baliteke liburua momentu horretan eskuragarri ez egotea eta atzerapenak suertatzea.

Berrikuntza nabarmenetako bat Liburukliken bidez, liburu digitalak dohainik deskargatzeko aukera da, honetarako ere nahikoa da Eusko Jaurlaritzaren Biblioteken sarera sartzeko pasahitza izatearekin eta ePub-ak deskargatzeko pausuak (PDF 2,46MB) jarraitzearekin. Liburu digitalen katalogo zabala dago sarean, maileguak 21 eguneko iraupena izango du eta aldi berean hiru liburu eduki daitezke deskargatuta.

Pil-pilean dagoen bookcrossing-a ere laster helduko da Orozkora, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat liburu bidaliko ditu eta liburutegiaren eskutik kalean jarriko dira, nahi duenak irakurri eta berriro bueltatzeko. Modu honetan, irakurketa gurutzatua ahalbidetuko da. Horretaz gain, liburu zaharrak liburutegira eraman nahi dituenak ere horretarako aukera du, beste batzuk aprobetxatu ditzaten.

Horretaz gain, joan den martxoaren 20an martxan jarritako 'Irakurri, gozatu eta oparitu' (PDF 1,09MB) kanpaina indarrean izango da maiatzaren 31ra arte. Euskalzaleen Topaguneak aurkeztutako kanpaina honen helburu nagusia literatura sustatzea da. Horretarako, liburutegian liburu bat maileguan hartzen duenari, behin irakurri eta bueltatzen duenean, %35eko deskontu txeke bate emango zaio Ikusi Makusi liburudendan liburu bat erosteko. Kanpainan parte hartzen duten guztien artean bi zozketa egingo dira liburegian, bata apirilaren amaieran eta bestea kanpaina amaitzen denean. Irabazleek Ikusi Makusi liburudendan liburuak erosteko 30 euroko bonoa jasoko dute.

Liburuetaz aparte, Orozkoko liburutegian hainbat pelikula (PDF 5,66MB) eskuratzeko aukera eta helduentzat eta haurrentzat ingelesa lantzeko materiala ere badago, entzumena lantzeko CDak barne dituzten liburuak.