Albisteak

 

Orozkoko herriak Adopziozko Seme izendatuko ditu Blas de Otero poeta eta José Arrue margolaria, izan ere, biek harreman estua izan zuten herriarekin. Izendapena abuztuaren 31an izango da, 18:00etan egingo den ezohiko osoko bilkuran. Horretaz gain, aurtengo San Antolin jaietako pregoilari izendatu dituzte bi artistak eta Sabina de la Cruz, Blas de Oteroren alargunak irakurriko du jaien hasiera markatuko duen pregoia haien izenean egun horretan 19:00etan.

Josu San Pedro Orozkoko alkateak azaldu duenez, Otero eta Arrueri ohorezko izendapena eskainiko diete “biek Orozkorekin oso harreman estua izan zutelako. Harana haientzat inspirazio iturri izan zen eta herriaren omenez hainbat obra egin zituzten”. Gainera “ordutik ez du inork lortu Orozkoren izena nazioartean zabaltzea haiek egin zuten moduan.” Helburua da, beraz, “haien obrak omentzea eta Orozkorekin zuten harremana azaltzea. Horrekin batera, gure herria artearen mapa kokatu nahiko genuke.”

Inspirazio iturria

Otero Bilbon jaio bazen ere, bere ama eta amona Orozkokoak ziren, Santa Marinakoak eta denboraldi luzeak eman zituen haranrean. Oso ezaguna da bere poesia erlijiosoa eta 50. hamarkadako poesia sozialeko mungimenduaren ordezkari nagusia izan zen. Hala ere, bere olerkietan Orozkon emandako uneak gogorarazten ditu askotan. “Aldea” da argitaratu zituen obretatik zaharrenetarikoa eta bertan adierazten da 1940an Orozkon sortu zuela. Argitaratu gabeko beste lanetan bere amonaren “euskara xixkatua” gogoratzen du edo frontoia, non, “gaztetan giharrak luzatu” ohi zituen egunero

Segunda Mendizábal Rotaecherekin ezkondu ostean Arrue Bilbotik Orozkora etorri zen 1910ean. Europako hiri eta akademietatik ikasten ibili ondoren, haranak ere maitemindu zuen eta bere herritarrak margolari kostunbristaren inspirazio iturri bilakatu ziren. Gainera, marrazkilaria, kartelgilea eta ilustratzailea ere izan zen. Orozkorekin oso harreman estua duten eszenak islatzen dituzten obra ugari daude, toreroak, idi probak, San Luziako azoka edo 'Erromeria'. Athletic Clubek ere erabili zuen Orozkon oinarritutako Arrueren margolan bat 2016-2017 denboraldiko bere argazki ofizialean.