Albisteak

 

Orozkoko herriak Iván Fandiño Urduñako toreatzailea zena omenduko du sanantolinetako lehenengo zekorketan, irailaren 2an 18:30ean. Toreadorea ekainaren 17an zendu zen Frantziako Aire-Sur-l’Adour herrian, kite bat egiterakoan jaso zuen adarkadaren ondorioz. Fandiñok 2000. urtean zapaldu zuen Orozkoko area eta ordutik herrian izandako hainbat hitzaldi eta ekintzetan parte hartu du.

Josu San Pedro Orozkoko alkateak adierazi duenez, Fandiñok omenaldia “merezi du eta zor diogu. Gainera, Orozko da zezenketak egiten dituen eskualdeko herri bakarra”. Ekitaldian 'Agur Jaunak' abestia joko du bandak eta, ondoren, toreatzailearen familiari plaka bat emango diote oroigarri gisa.

Arratsalde horretako zekorketan Jesús Cuestak (Sevilla), Manuel “Diosdeguardek” (Salamanca) eta Cubero (Logroño) ordezkoak egingo diete aurre Salamancako Charro de Llén ganadutegiko lau zekorrei. Igandean, irailaren 3an, Orozkoko zezen plazak Salamancako Valrubio eta José Cruz ganadutegietako lau zekor hartuko ditu. Egun horretan, 18:30etik aurrera, toreatzaileak izango dira Daniel Barbero (Ávila), Ramón Gómez Serrano (Murtzia) eta Cubero (Logroño) ordezkoa.