Albisteak

 

Atzoko Berakatz Egunekin bukatu ziren San Antolin jaiak, ospakizunez betetako lau egun biziren ondoren. Antolinzaleak Jai Batzordearen balorazio
ofiziala falta bada ere, Orozkoko alkate Josu San Pedrok lehenbiziko balorazio “oso positiboa” egin du, eta nabarmendu du jende asko gerturatu dela eta programatutako ekitaldietan parte hartzea handia egon dela.

Eguraldi ona parrandarekin aliatu da baita ere, eta horrek erraztu egin du jendeak ekintzetan parte hartzea. “Kontzertuetara publiko handia hurbildu da, baita Ubixeta Dantza Taldeak eta Laudioko San Roke Musika Elkarteak elkarrekin egindako emanaldira ere. Zekorketetara eta bigantxa-jokoetara ere jende kopuru handia gerturatu da, eta badirudi herritarrek gozatu egin dutela. Halaber, berbenek jende asko jarri dute dantzan, eta hori zoragarria da.”

San Pedrok azpimarratu du ere ez dela eraso sexistarik salatu, eta Gurutze Gorriaren arreta postuan ez dela kasu larririk artatu. “Giro sanoa egon da”, adierazi du.