Albisteak

 

Hurrengo larunbatean, maiatzaren 5ean, Orozkoko Museoak inauguratuko du lehenengoz 19:00etan Blas de Oteroren omenezko erakusketa. "Begirada Geratzen Zait" izenburupean, Katalunia eta Euskal Herriko 25 artistek Oteroren olerkietan oinarrituta ekoitzi dituzten margolanak egongo dira ikusgai hilaren 31ra arte. Soiartze Alday orozkoarraren proposamena ere bertan egongo da.

Proiektua Vallgrassan jaio zen, Centre Experimental de les Artsen, eta horretan parte hartu dute Begues herriak, Orozkok, Bizkaia eta Bartzelonako Aldundiek. Horrez gain, Blas de Otero Fundazioak ere lagundu du erakusketan. Inaugurazio ekitaldira bertaratuko dira artistak eta ekimenean parte hartzen duten erakundeetako ordezkariak ere.

Orozkon inauguratuko da lehenengoz erakusketa eta ondoren Bilbora mugituko dute. Ondare Aretoan ikusgai egongo da ekainaren 2tik 30era eta Alde Zaharreko John Jauregian uztailaren 9tik 31ra. Irailaren 14an Beguesen inauguratuko dute eta ondoren Bartzelonan ere ikusteko aukera egongo da.

Adopziozko semea

Orozkok 'Adopziozko seme' izendatu zuen Blas de Otero 2017an. Bilbon jaio bazen ere, bere ama eta amona Orozkokoak ziren eta denboraldi luzeak eman zituen Bizkaiko herrian. Horren ondorioz, bere poesia askotan Orozko herria agertzen da.

Josu San Pedro Orozkoko alkateak aipatu duenez, ekimen honen helburua ere bada “Orozkok Blas de Oterorekin zuen amaigabeko zorra kitatzea, izan ere, kulturaren orbitan sartu gintuen literaturaren bitartez”. Gainera, azpimarratu du “herrien arteko anaitzea” ere badela proiektuaren xedeetako bat: “Elkarlan hitzarmenak ezartzeko lehenengo pausoa da hau. Gustatuko litzaiguke Begues eta Bartzelonarekin adiskidantzazko lotura sendotzea, haien proiektuetatik ikasi eta kultura arteko trukeak lantzea, adibidez.