Albisteak

 
2017ko aurrekontua kitatu ondoren, Orozkok dagoeneko badaki zein den bere altxortegiko soberakina: 746.498,71€. Gaineratiko hori 2018an erabili ahal izateko beharrezkoa zen kreditu moldaketa aho batez adostu zuten udal taldeek apirileko udalbatzan.

Hala, osasun zentro berrirako 200.000 euro bideratuko dira. EH Bilduk azpimarratu zuen osasun zentroarekin zerikusia duten gauza guztietan abstenituko litzatekeela banan-banan bozkatu izan balira. Landa guneen txukuntze eta mantenurako 50.000€ egongo dira. Bestetik, 40.000€ erabiliko dira bide publikoen konpontze eta mantenurako – Lehendakari Agirre kalearen konponketa bukatzeko, besteak beste-. Energia kontsumoko instalazioen kontratua eguneratu eta berritze aldera 110.000€ egongo dira. Azpimarratzekoa da soberakin horretatik 82.950,16€ baldintzatuta daudela Donibane Bidea konponketa dela eta. Bizkaiko Foru Aldundiak diru kopuru hori eman zion Udalari 2017an kale horretan obrak burutzeko eta horretarako bakarrik erabili ahalko da. Guztira, kreditu moldaketa horren bitartez 482.950,16€ erabiliko dira, eta 263.548,55€ soberan geratuko dira. Horrekin Gizarte Etxeko lanak hasi eta eskolako estalkia konpontzea du helburu Udalak.