Albisteak

 

Aurtengo Sanantolinetan Garrafa Lehiaketaren XV. edizioa hartuko du Orozkok. Irailaren 2an izango da, igandean. 11:00etatik aurrera txakolin limonadak prestatzearen aspaldiko ohitura berpiztuko da Orozkoko Garrafa taldearen eskutik plazan.

Aurtengo edizioan 60 garrafek parte hartzea aurreikusi dute. Hala ere, horietaz gain beste 15 egongo dira izozkiak, alkoholik gabeko limonadak eta zukuak prestatzen. Lehiaketa bukatzean ikusleek prestakinak dastatzeko aukera izango dute doan.

Mundu osotik

Azpimarratzekoa da lehiaketa horretan mundu osotik etorritako garrafak ezagutzeko aukera egongo dela: Estatu Batuetakoak, Frantziakoak, Holandakoak, Alemaniakoak baina, batez ere, Euskal Herrikoak. Besteak beste XX. mendearen erdialdera arte Arrasaten ekoizten ziren ELMA garrafa ospetsuak ere izango dira ikusgai.

Izotz-edaria prestatzeko ardo zuria, ura, brandya, azukrea, limoia eta garrafa behar da, dagoeneko erabilpenik ez duen gailua. Orozkon oso errotuta dago garrafen ohitura herrian izotzaren salmentak izan duen garrantzia dela eta. Izan ere, XVI. mendetik XX. mendearen erdialdera arte Itzina mendiko elurtegiek Bizkaia osoa hornitzen zuen izotzarekin, baita Bilbo ere. Hainbesterakoa zen garrantzia non Orozkok, Zaratate-Neberabarri elurtegiaren alokairuaren bitartez urte osoko aurrekontuaren hiru laurdenak lortzen zituen.