Albisteak

 
Adierazpena:
Orozkon hizkuntza ofizial bi daukaguz: euskera eta gaztelania. Begi bistakoa da, ordea, hizkuntza biak ez dagozala oreka egoera batean, ez esparru publikoan ez eta jendartean be: gaztelania da nagusi. Uste dogu orain arteko ahaleginagaz bakarrik ez dirala hizkuntza biak parekatuko, indar gehiago jarri behar dogula hizkuntza-bardintasuna bultzatzeko; hau da, euskera lehenetsi behar dogula. Izan be, jendarte-, genero- eta hizkuntza-bardintasuna lortzea dogu helburu, eta, hori holan, horretara bideratutako urratsak egitea.

UNESCOrentzat be munduko hizkuntza-ondarea zaintzea eta hizkuntza gitxituak garatu ahal izatea da mende honek daukan erronkarik garrantzitsuenetako bat. Izan be, 7.000 hizkuntza inguruk osotzen dabe munduko hizkuntza-ondarea. Munduko biztanleen % 97k hizkuntzen % 4 hitz egiten dau ama-hizkuntza lez, eta biztanleen % 3k hitz egiten dau hizkuntzen ganerako % 96a. Holan, bada, hizkuntza gitxi batzuk dira nagusi munduan, hizkuntza txiki eta gitxitu askogaz alkarbizitzan.

Orozkon be hizkuntza asko hitz egiten dira eta ikasi beharko dogu aniztasun hori egoki kudeatzen; baina bizikidetza osasuntsu baterako lehen urratsa euskera eta gaztelaniaren arteko alkarbizitza orekatua lortzea da.

Norabide horretan, euskera bizibarritzeko beharrezkoa dogu norbanakoen, jendartearen eta administrazinoen arteko ahaleginak uztartu eta alkar elikatzen jarraitzea, eta, era berean, preminazkotzat joten dogu hizkuntza gitxituen aldeko hizkuntza-arau sozial barriei be lekua egitea. Guztion elkarlanari esker, euskeraren normalizazino-prozesuak ibilbide oparoa izan dau azken hamarkadetan, emaitza aitagarria da, baina, prozesu guztiek lez, argi-itzalak daukaz; bada pozik egoteko arrazoirik, baita kezkatzeko daturik be.

2016. urtean egindako VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, ezagutza-datuek nabarmen egin dabe gora azken hamarraldietan, baina erabilera ez da neurri berean hazi. Halandaze, euskeraren normalizazino-prozesua inflexino-puntuan dago, fase baten amaieran eta beste baten atarian. Aro berri horretan, agerikoa da erabileran jarri beharra dagoala indarra.
Euskeraren ulermenari ez deutsagu behar besteko garrantzirik emon; izan be, erabileraren korapiloa askatzeko gako nagusi bat ulermena da. Hau da, euskeraren ulermenaren balioa azpimarratuz gero, ulermena erabat zabalduz gero, euskerarentzat eta herritarrontzat erabilerarako eremu zabal eta emankorra zabalduko dogu. Kontuan hartzeko datu bat: Orozkon berton ulermena % 80tik gorakoa da.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak, beste hainbat eta hainbat eragilegaz alkarlanean, abian jarri dabe Euskaraldia ekimena. Gure udalerria be buru-belarri sartu da, eta ekinbidea burutzeko batzordeak lanean dihardu.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika barri bat gauzatzera gonbidatuko doguz herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara, eta 11 egunez hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita. Subjektu-mota bi bereizi dira: ahobizi eta belarriprest.

Ahobiziek, 11 egun horreetan, euskerari eutsiko deutsie solaskideak euskeraz ulertzen dauan guztietan, eta, belarriprestek, aldiz, solaskideak eurekaz euskeraz aritzera gonbidatuko dabez, nahiz eta belarriprestak berak euskeraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ekimenaren helburua hau da, besteak beste: ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak euskeraren erabileraren mesederako aldatu ahal doguzala, eta, ahal dala, 11 egun horreek igaro eta gero, hizkuntza-praktika barri horreei eustea, herrian bertan zein herritik kanpo.

Horregaitik guztiagaitik, honako hau aurkezten dogu:

  • Udalbatzak bat egiten dau Euskaraldiagaz eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen dau.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo doguz, arduradun politikoak zein langileak izan.
  • Ahobiziok euskera ulertzen daben guztiekaz euskeraz aritzeko konpromisoa hartzen dogu.
  • Belarriprestok ganerakoak gonbidatuko doguz gugaz euskeraz egin daien, nahiz eta guk euskeraz edo gaztelaniaz erantzun.
  • Udalak neurriak hartuko dauz hizkuntza-praktika horreek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.
  • Udalak, ekimenaren sustatzaile lez, udal barruan ez ezik, udalerrian be herritarrak gonbidatuko dauz Euskaraldia ekimenean parte hartu daien, eta izena emoteko bideak erraztuko dauz.
  • Udalak bat egiten dau ekimena Euskal Herriko beste hainbat eragilegaz, alkarlanean eta batera garatzeagaz.

 

* Irudian agertzen dira Orozkoko udalbatzeko kideak eta behin behineko idazkaria.