Albisteak

 

Orozkoko Udalak 2019 urtera begirako aurrekontuak onartu zituen abenduaren 11an izandako ohiko Osoko Bilkuran. Zenbatekoa 5.000.3000 eurokoa da. Azpimarratzekoa da, baina, kopuru horretatik 1.100.000 euro Nagusien Egoitzari dagokiola eta beraz Udalak ezin du diru hori baliatu, bitartekari lanak baino ez ditu betetzen eta. Hori dela eta, herriak 3.900.300€ izango ditu hurrengo urterako. ADIEren aldeko bozkei esker onartu ziren aurrekontuak. EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren bozketan eta EAJk, aldiz, aurkako botoa eman zuen.

Gobernu taldeak nabarmendu du aurrekontu horien prestaketan teknikarien irizpideak jarraitzeaz gain auzokideek egindako proposamenak ere kontuan izan dituztela. Horrez gain azpimarratu dute “zuhurtasunez” jokatu dutela. “Hurrengo urtean hauteskundeak datoz eta planteatu diren proposamenak dira burutu ahalko direnak nahiz eta tokiko gobernua aldatu”, Josu San Pedro alkateak azaldu zuenez.

Diru sarrerei dagokionez azpimarragarriena Udalkutxaren ekarpena da, Udal Finantzaketarako Bizkiako Foru Funtsean, izan ere aurten 2018an baino 200.000€ gehiagokoa izango da. Bestetik, kontuan izatekoa da Orozkok 2018an onartutako bi diru laguntza izango dituela 2019an baliatzeko: Eusko Jaurlaritzaren diru ekarpena Osasun Zentroarako eta Bizkaiko Foru Aldundiarena ustegabeentzat, Zaloako horma konpontzera bideratuko dena. Guztira, bi laguntzen zenbatekoa 250.000 eurokoa da.

Auzoak
Hirigintza arloan auzoei arreta berezia eskainiko zaie. Udalkutxatik jasotako guztia sakabanatzea dela eta auzoen mantenu lanetara bideratuko da, sarrera bideei lehentasuna emanda Bideak Konpontzeko Planari jarraiki. Gauzak horrela, errepideak asfaltatuko dira eta segurtasun neurriak ezarriko dira. Bestetik, Zubiaurren eskola ingurua konponduko da. Ibaiondo kalean espaloia jarri eta erabilerarik ez duten elementuak kenduko dira.

Ongizate eta Berdintasun arloak 2.000€ gehiago izango ditu aurten. Bere partida 32.000 eurokoa izango da. Kopuru hori nahikoa izango da beharrak dituzten eta eskaerak betetzen dituzten familiek dagokien laguntza kopuruaren %100a jasotzeko hasieratik.

Jaiak
Halaber, Antolinzaleak taldeak %10eko igoera izango du bere aurrekontuan San Antolin jaien antolakuntzara. Guztira, beraz, 86.000€ izango ditu. Auzoetako jaien aurrekontua ere handitu denez, San Antolín jaienarekin gauza bera egin da. Euskara eta Kultura arlo horretan azpimarratzekoa da 10.000 euroko partida bat bideratu dela maiatzean lehenengoz egingo den rock musika jaialdi bat antolatzeko. Bestetik, 5.000 euro erreserbatu dira otsailaren 16an izango diren Memoria Historikoko ekitaldietarako. Euskarari dagokionez, hizkuntza horren ikasketara bideratutako diru laguntza kopurua handitu da beste behin ere.

Gizarte Etxea
ADIEren Gobernu Taldeak jakinarazi du altxortegiaren aurtengo soberakinaren zenbatekoa jakin arte itxaron beharko dela zenbateko horrekin zer proiektu garatu daitezkeen ikusteko. Izan ere, udalean egongo den hurrengo lantaldearen erabakia izatea nahi dute, Gizarte Etxearen proiektuari dagokiona izan ezik. Orozkoko Udalak aspalditik dauka gune horren eraikuntzarako konpromisoa hartuta. Onartutako aurrekontuetan ere 90.000 euroko inbertsioa aurreikusita dago altzariak erosteko.