Albisteak

 

Aurreko asteburuan Olaguenaga inguruan gertatutako txakurren erasoa salatu nahi du Orozkoko Udalak. 6 ardi hil zituzten animaliek eta beste 8 zauritu zituzten. Halaber, kaltea jaso duen abeltzainari babesa erakutsi nahi dio tokiko erakundeak. Mota honetako gertakariak ez dira gutxi. Bizkaiko Foru Aldundiari kezka jakinarazi dio udal gobernuak eta eskatu dio oihanzaingoaren bitartez gelditzea mendietan egoten den txakurren kontrol eza.

Bestetik, Orozkoko Udalak gogorarazi nahi du tokiko araudiak jasotzen dituela nahitaezkoak diren hainbat neurri. Besteak beste, kale eta espazio publikoetan txakurrak uneoro lotuta joan behar dira, haien ezaugarriekin bat datorren eta gehienez 2 metroko luzera duena kate edo uhal sendoarekin. Puntu hori ez betetzeak 300,52 eta 1.502,53 euro arteko isuna ekar dezake. Halaber, edozein animaliaren jabeak beharrezko neurriak hartu beharko ditu beti gorotzak kale edo espazio publikoetan geratu ez daitezen.