Albisteak

 

Orozkok Memoria Historikoaren aldeko ekitaldia hartuko du otsailaren 16an, larunbata. Egun horretan, 13:00etan, Lehendakari Agirre plazan instalatuko den monolitoa inauguratuko da. José López Tatok egidakoa da. Obra horrekin Orozkorekin harremana izan zuten eta Frankismo garaian errepresalia pairatu zituzten pertsonak omendu nahi dituzte: hildakoak (21 pertsona), zigortuak (79), bestelako errepresalia jasan zutenak (8) eta S. Martín auzoan derrigorrezko lanak egin zituztenak (41).

Egun horretan, 12:00etan, Memoria Historikoaren aurkezpena ere egingo da Donibane Aretoan. Bertan Josu Chueca historialariak parte hartuko du eta familia askoren testigantzak jasotzen dituen ikusentzunezko pieza proiektatuko dute. Hala ere, Memoria Historikoa berreskuratzearen aldeko ekintza hauek lehenago hasiko dira. Ostiralean, otsailaren 15ean, Iñaki Egaña historialariak hitzaldia emango du Donibane Aretoan “Orozkotik harago” izenburupean. Bere aldetik, Orozkoko Museoak erakusketa eskainiko du gai horren inguruan otsailean.

Azpimarratzekoa da ekitaldi honen prestaketan eta antolaketan orozkoar talde bat aritu dela ikertzen, Udalaren laguntzarekin. Adierazi dutenez, soilik jaso dituzte kontrastatuta dauden datuak eta ziurrak direnak. Hala ere, aipatu dute ziurrenik izenak faltako direla, informazioa lortzea oso zaila izaten ari baita datuen eta iturrien dispertsioa dela eta. Horregatik ere, gainontzeko herritarren laguntza eskatzen ari dira. Orozkoko Memoria Historikoa berreskuratzeko bidea hasi baino ez da egin.