Albisteak

 

Euskadiko Klima Aldaketaren 2019ko Asteari begira, kamera digitala edo telefono mugikorra erabiliz egindako bideo laburren lehiaketa sustatu du Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek. Bideoek Aldaketa Klimatikoaren fenomenoari zuzenean lotutako alderdiak izan behar dituzte hizpide, esaterako: energia, mugikortasuna, kontsumoa, ingurune naturala, ekonomia zirkularra eta birziklapena. Bideoetan hainbat alderdi azaldu daitezke: kausak eta eraginak, prebentzio neurriak edota aldaketa klimatikoari egokitzeko neurriak. Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao-Miraballes, Urduña-Orduña, Zaratamo, Zeberio eta Orozkoko herritarrek izango dute parte hartzeko aukera.

Saritan dirua emango da, eta kategoria bakoitzeko sari bana banatuko da:

  • Haurren kategoria (2003ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoak): 300 euro irabazlearentzat edo irabazleentzat. Kategoria honetan taldeka parte hartzeko aukera egongo da.
  • Gazteen eta helduen kategoria (2003. urtea baino lehen jaiotakoak): 300 euro.

Bideoak 2019ko martxoaren 4a baino lehen entregatu beharko dira, eta posta elektroniko bidez igorri beharko dira helbide honetara: info@udaltalde21.eus. Bideoarekin batera eskabide-inprimaki bat bete eta bidali beharko da, eta adingabeen kasuan, baita baimena ere.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen ekimen hau Ihobek babesten du, hain zuzen ere, Euskadiko 2019ko Klima Aldaketaren Astean herritarrak klima-aldaketaren aurrean mobilizatzeko ekintzak antolatzen dituzten toki-erakundeentzako diru-laguntzen baitan. Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen (Udalsarea 21) parte diren eta herritarrak klima-aldaketaren aurka borrokatzera erakartzeko jarduerak antolatzen dituzten tokiko erakundeei zuzenduta dago diru-laguntza.

 Oinarriak (PDF 243KB)

 Eskaera-orria (PDF 115KB)